XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

; (...) artean segi zitezkeen begiz umeen korrikak plazan; artean antzeman zitezkeen eguzkiaren zantzuak gaikaldez gaikalde.

Zantzuetako batek bete betean ematen zion kanposantuaren aldameneko aran arboladiari, eta argitasun hura zela eta, kolore are eta horiagoa hartzen zuten hemen mordo bat, han beste mordo bat purpuratzen ziren fruituak; eguzki nimiñoak ziruditen kasikan.

Beltzez jantzitako gizonaren begiak hantxe gelditu ziren, aran arboladi hartan, eta bere pentsamendua ibai ttikia hartzen zuen itsaso hura bezalaxe hasi zen mugitzen, uhinak bezala, honuntz egun hartako gertaera guztiak ukitu arte, haruntz bere haur zeneko pasarteak gogoratu arte, aurreraka eta atzeraka.

Azkenez pausatu zen, eta Obabako eliza ikusi nuen, eta beltzez jantzitako beste gizon bat harmonium baten aurrean eserita jarri eta hamar mutil koskorren kantua zuzentzen.

Eskerrak oroitzapen horretan murgildu den, pentsatu nuen.

Oso nekosoa egiten zitzaidan pentsamenduari haruntz eta honuntz segitzea.

Kantuan ari zen mutil koskor haietako batek antza haundia zeukan leihoan zegoen beltzez jantzitako gizonarekin.

Bera da, pentsatu nuen, baina orduan kopeta ttikiagoa zeukan, eta burua ere ttikiagoa zeukan, eta soina ere ttikiagoa zeukan.

Den dena ttikiagoa zeukan orduan.

Elizan gizon bat azaldu zen, nekazari modura jantzitakoa, eta harmonium aldera inguratu zen.

- Atreberentziarekin, jauna - esan zuen, eta beltzez, jantzitako beste gizon hark eskua luzatu zion.

- Hi al haiz?- nekazariak muin egin zion eskuan - Zer dugu? - San Juan bezperako kantak paratzen ariko dira, noski? - Hala ari gaituk, bai.